Piezak

Konbentzituta nago antzerkigintzak kirolatik asko daukala ikasteko. Ez naiz ari gorputza zaintzeaz; edo lehiakortasunaz; ezta ere hedabideen erabileraz. Jakina, gauza guzti horiek interesgarriak baino, beharrezkotzat jo beharko genituzke (tira, agian lehiakortasunarena ez, ez baitut uste antzerkigintza, kultura edo sormena lehiatzeko kontuak direnik, ezta kirola bera ere). Bai, badakit horiek zaintzen direla, gehiago edo gutxiago, kontuan hartzen direla. Niri kirolatik interesgarriena egiten zaidana harrobia zaintzearen arreta da. Berdin dio zein kirolaz ari garen, haur, gazte eta, orohar, zaletuen taldeak dira goi mailako taldearen euskarri eta elikabide. Kirolzaleak esango dit hemen ere esateko asko dagoela eta harrobia hau eta harrobia bestea, baina hori ez da kontua, garrantzitsuena da kirola egiteko aukerak hamaika direla edonon, maila ezberdinetan eta erritmo ezberdinekin. Horri esker kirola denbora pasa garrantzitsuena bilakatu da gure jendartean (bai, bale, telebista eta tragoak hartzeaz gain). Mens sana in corpore sano, corporean baino ez dela gelditu jakin arren, inbidia diet kirolzaleei, eurek beren zaletasuna praktikatzeko edo ikusteko edo, besterik gabe, informazioa jasotzeko guztiz erraza baitaukate (erraztasun erlatiboa askotan, badakit). Baina zer gertatzen da antzerkia egin nahi duenarekin? Zenbat aukera ditu antzerki zale batek bere gutizia asetzeko? Eta ez naiz ari antzezlan hau edo bestea ikusteaz, antzerkia egiteaz baizik. Zenbat espazio publiko erabili ahal izango ditu lagun talde antzerki zale batek beren apeta betetzeko? Non elkartuko dira? Zein baldintzatan? Nork lagunduko die?
Horri nolabaiteko irtenbidea ematearren Oreretako Mikelazulo elkartean hileko azken ostiraletan “Piezak” izeneko elkartzeak antolatzen dituzte. Bertan antzezlan edo bestelako ikuskarien puxkak eskaintzen dira, ondoren egileen eta ikusleen artean tertulia bat bideratuz ikusitakoaren gainean. Edonork proposatu dezake bere pieza, edonork eman dezake bere iritzia. Antzerki harrobi gisa, ideiak, proposamenak, kritikak agertzen doaz, zaletasunez, handikeriarik gabe. Azkeneko agerraldian ikusle artean zegoen neska batek zioen moduan “nik ez nuen inoiz halako antzerki mota ikusi eta disfrutatu dut, pentsatzeko bidea eman dit”.
Goi mailako kirola ezinezkoa litzateke, eskoletan, auzoetan, kiroldegietan disfrutatze hutsagatik aritzen direnak ez baleude. Antzoki handiek, ekoizpen erraldoiek, ospearen glamourrak eta alfonbra gorriek, edo estreno entzutetsuek ez dute antzerkia salbatuko. Antzerkia ez da industria bat. Antzerkia pieza bat da, puxka bat. Pertsonok adierazteko dugun ahalmenaren puzzlearen pieza bat. Hori ahaztutzen badugu, bigarren mailara jaisteko arriskuan egongo gara, fitxaje garestiak eginda ere.

mikelazulo kultur elkartea